Gaur egun hiria inguratzen duen 72 hektareako parke bat da, Berrikusitako Plan Orokorraren arabera Babesturiko Eremu Natural (BEN) gisa izendatua, bertako paisaia eta ekologia babesteko arautua. Esku-hartze honen aurretik, "ametsetako artzain-eremu bukolikotzat" hartua izan da, bertako baso naturalek balio handiko paisai erakargarria osatzen baitzuten.
Aurretik aipaturiko galera alde batera utzita, oraindik badaude hariztiz (Quercus robur) eraturiko baso natural azidofiloak, 33 ha- ko azalera hartzen dutenak. Hauekin batera txilardiak, bazkatutako belazeak eta bazkatu gabeko ebakitze belazeak, eraikin batzuk, parke txikiak eta lorategiak agertzen dira. Esan daiteke Ametzagainako eremua oso aberatsa dela, alde batetik belaze eta landare mota diferenteak dituelako eta basotxoek inguratzen dituzten eremuak, antolaketa eta egitura aldetik, oso ezberdinak direlako.
Eremu honen garrantzia faunan ere ikus dezakegu, babestutako espezietan hain zuzen ere, Rosalia alpina kakalardoan adibidez. Kakalardo espezie hau Habitat Araudiak, Bernako Hitzarmenak eta Mehatxatutako Espezieen Katalogo Nazionalak babesten dute. Normalean EAE-ko babesturiko parke naturaletan aurkitzen den arren, noizbehinkako kokalekutzat hartu du Ametzagaineko eremua. Ugaztunen deskribapen bat egin beharko bagenu, muxar grixa (Glis glis) aipatu beharko genuke, hau baita baso hosto erorkorretako hariztien (Quercus robur), pagoen (Fagus sylvatica), gaztainondoen eta baso mistoetako urritzen biztanle.Urumeako erriberatan (Ametzagainaren azpiko eremuan) fauna aldetik aldaketa nabaria dugu, espezie lurtar eta itsastarren artean dauden espezieak agertuko baitira. Bertan dauden harkaitz eta zuhaixka guneetan narrasti autoktonoentzako babesleku bikaina aurkituko dugu. Gehienbat sugeak eta lazertidoak agertuko dira. Trantsizio gune hau aspaldi padura bat izandako gunea dugu, horregatik hegazti arrantzaleak erakartzen ditu: ubarroia, lertxuna, martin arrantzalea, kaioak eta zangaluzeak

