Altzabasoa

Altzatar askok ez du ezagutzen, baina Altzaren zati bat, kilometro kuadro bat, Nafarroako muga ondoan dago, Aiako Harria Parke Naturalaren barruan. Europako ENP maila du, "Lugar de Importancia Comunitaria" (LIC) baita (LIC,ES2120016,Aiako Harria).

Altzabasoan nabarmenak dira:
  • Hariztia, pagadia eta harizti-pagadia baso motak. Natura ondarearen aldeko apostua egin duen baso politika baten ondorioz, Altzabasoan badira lekuak non landaredia potentziala eta egungoa oso antzekoak diren. Hiru baso mota hauen biodibertsitatea oso handia da, eta bertan aurkituko ditugu: arrabioa (Salamandra salamandra), bi saguzar mota: Plecotus auritus eta Plecotus austriacus; txilarretan eguzkipean sugandila bizierrule (Zootoca vivipara); hegazti-faunaren harribitxi bat, oki beltz (Dryocopus martius). Espezie honen presentziak basoen kalitatea ona dela adierazten du. Bere habitat nagusiak Aiako Harriz gain, mugakideak diren Kopakarri eta Artikutzan ere izan dira. Aipatzekoa da baso hauen kalitate ezin hobeak okilaz gain ugaztunen presentzia ere bultzatzen duela.

  • Urumeako beheko eremua. Altzabasoa eta Urumearen arroan, anfiobio asko ikusten dira: igel arrunta, apo arrunta (Bufo bufo), baso igel gorria (Rana Temporaria),  ur-igel arrunta, eta narrastiak, hala nola suge gorbataduna (Natrix matrix) eta Eskulapioren sugea (Elaphe Iongissima). Gainera, eguteran, Podarcis sugantila motaren habitat-a aurkituko dugu. Hegaztien artean, martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus) aipagarriak dira.

  • Haltzadiak. Urumeako arroan ere, erreken artean agertzen zaizkigu haltzadiak. Oso heldu ez diren arren, euren garrantzia nabaria da. Esan beharra dago EAE-ko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren araudi eta legeek babesten dituztela hauek ere, habitatetan egiten duten funtzio biologikoengatik. Gainera, kalitate oneko ibai-ekosistemetan bizi den eta kalitate honen adierazle den Myotis daubentonii saguzaharra biztanle izanik, behar-beharrezkoa da haltzadi hauek babestea.