Molinao

Pasai Antxotik gora Molinao errekaren ibilbidea jarraituz, Putzuzulo pasata, hainbat errekatxoen urak biltzen dituen eremu zabal aurkituko dugu.
Errekak hauek dira: Sasotegi, Juanatxene, Akular, Artxipi, Ibarburu… mendebaldean, eta Juandaberri, besteak beste, ekialdean.
Molinaok 4 kilometro koadro hartzen du, sokasaltoan ari dela ematen du, ez du bereizten garai bateko udal zaharren mugak ez eta gaur egungoak ere. Berdin zaio Donostia edo Altza, Pasaia, Errenteria edo Astigarraga, udaletxe hauen guztien gainetik zabaltzen du bere soka Molinaok. Ia guztiz eraldaturik dagoela esan daiteke, gizakiaren eragina oso argia baita, honen adibide argia A-8 delarik. Egitura erraldoi honek Molinao erditik banatu ez ezeik, Altzako landa-basoa ere banatzen du. Toki honetan, hariztiak, haltzadi heldu nahiz gazteen basoak, sastrakak, haztegi eta baratzak (negutegietan batzuek) eta belaze desberdinak nagusi dira. Urbanizatutako guneek (eraikinak, landaretza ruderala eta lorategiak) lehenago aipatutakoek baino eremu txikiagoa hartzen dute.

Auditz-Akular-Molinao-Landarro eremuan, ehunekotan adierazita: lehenengoek %92-ko azalera betetzen dute eta bigarrenek %8-a soilik.

Aurretik aipaturiko habitat-etan, harizti eta pagadien ibarretan fauna eta flora ezberdin ugari aurki dezakegu, baita gorosti, gaztainondo, lizar, urki, platanondo eta sasiakazi aleak. Faunari buruz ari garenean, ornogabeen taldeko kukulunbera (Cerambyx cerdo) aipatzea beharrezkoa da. Espezie hau Habitaten Araudia eta Bernako Hitzarmenak hertsiki babesten du.

Aurretik aipaturiko ornogabeaz gain, narrastietan Eskolapio sugea (Elaphe longissima) eta hegaztietan are anitzagoa den fauna aurkituko dugu: zata arrunta (Caprimulgus europaeus), okil txikia (Dendrocopos minor), lepitzulia (Jynx torquilla), belatz handia (Falco subbuteo) eta eulitxori beltza (Ficedula hypoleuca).


Bukatzeko, Ur-zozoa (Cinclus cinclus) hauekin batera Molinaoko hegazti fauna eratzen duela frogatzear dago.