Geologia

Kretazeo, eozeno eta kuaternario garaietako material geologikoen gainean kokatzen da Altza, nahiko gazteak diren materialen gainean. Bertan margak, kareharriak, hareharriak eta alubioi-metaketak topatuko ditugu.


Lurraldea hiru dimentsiotan begiratuko bagenu, ikusiko genuke hiru mendi lerroek zeharkatzen dutela Altza.

Itsas-bazterreko katea Ulia-Mendiola, Jaizkibel eta Igeldo-Mendizorrotz lerrokadurek osatzen dute. Dena den, Jaizkibel da bere tamainagatik kate honi izena eman diona; Eozeno garaian eraturiko egitura bat da, duela 40 miloi urte sortutakoa.

Forma aldetik lerro bat egiten duen egitura honek erraz higatzen den kosta maldatsua du. Mendilerro honen amaiera, kate honen hegoaldea hain zuzen ere, marga, kareharri eta kalkarenita harriek eraturikoa zen. Gaur egun, ordea, hirigintzaren ondorioz, paisaia guztiz ezberdina da.

Antzina Sierra Magdalena izena zuen bigarren mendilerroak. Honen harrien konposaketa ez zen guztiz desberdina, kareharri eta kalkarenitak ziren batik bat, Ametzagaina marga eta hareharriz eraturik zegoen eta San Marko dagoen zonaldean, aldiz, hareharriak ziren nagusi. Urumea alderantz, bertako geologia dezente konplikatzen da: lehen esandako harriez gain, ofitak (arroka azpibolkanikoak) eta gatz eta igeltsudun buztinak ageri dira.

Altzako lurraldetik kanpo dagoen hirugarren mendikate bat ere badago barnealderantz. Lehenago aipaturiko Altzabasoa eta Urdaburu mendia talde honen barruan daude. 300 miloi urte inguru dituen egitura geologiko hau, paleozoiko aroko Aiako Harriaren mendigunean kokaturik dago, eta bertako harri nagusiak arbelak dira.